XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dena ongi lotzen duk.

Azkenean emazteak senarrari bildurra hartu ziola uste diat.

Eta Wadek ez zian sekula eskaileretan behera bota.

Istripua izan huen.

Estrapozo egin zian eta senarrak ahaleginak egin zizkian eror ez zedin.

Candyk hori ere ikusi zian.

- Horrek ez dik argitzen emazteak zergatik nahi ninduen han.

- Arrazoi bat baino gehiago bururatzen zaidak.

Bat duk betikoa.

Txakur guztiok ehundaka aldiz topo egin izan duguna.

Harimutur askatua hintzen, Lennoxi ihes egiten lagundu zion tipoa, haren laguna eta neurri batean haren izkutukoen gordailua.

Lennoxek zer zekien eta zer ez esan zian?

Lennoxek bere emaztea hil zuen pistola jaso zian eta bazekian norbaitek harekin tiro egin zuela.

Eileenek pentsa zezakean Terryk berarengatik hil zuela.

Horrek pentsarazten zioan Terryk bazekiela berak erabili zuela pistola.

Terryk bere burua hil zuenean seguru jakin zian.

Baina hi zer?

Hi hari-mutur askatua hintzen hala ere.

Hekiena atera nahi zian, eta horretarako bere xarma baino hoberik zer?

Aski zian hire ondoan ibiltzeko aitzakia bat.

Eta tipo lurjoa behar bazuen, nor hi baino hoberik?

Lurjotakoen bilduma egiten zebilela esan zitekek.

- Emakume hori oso argitzat daukak, gehiegi -esan nuen.

Ohlsek zigarro bat bi puska egin eta erdi bat murtxikatzen hasi zen.

Beste erdia belarri gainean paratu zuen.

- Beste arrazoi bat, gizon premian zebilela, gizon haundi, sendoa, besoetan estu-estu hartu eta berriro ere amets egin eraziko ziona.

- Gorroto zidaan -esan nuen.